[Español] - [Français]
Arkaitz Gartziandia Donostian jaio, baina Errenterian hazi zen. Txikitatik ikus-entzunezkoak oso gustoko zituen. Horrela, 8 urte zituela bere lehendabiziko bideoak grabatu zituen kamara aurrean, etxeko kamararekin. 16 urterekin antzerkia egin nahi zuela-eta, Zurriola Antzerki-Eskolan sartu zen. Hiru urtez antzerki amateurra egin ostean, 19 urterekin aktore profesionala izan nahi zuela pentsatu zuen. Horretarako Donostiako Taller de Artes Escénicas eskolan sartu zen, hiru urteko formakuntzan. Eskola bukatuta Pikor Teatro konpainian hasi zen lanean. Harekin 80 bolo egin zituen espainar estatuan Pisa la raya obrarekin. Antzerki konpainia utzita, Goenkale Telesailetik proposamena jaso zuen bertan aktore lanetan aritzeko; Markel pertsonaiari bizia eman zion bi urtez. Telebistak zinemaren ateak ireki zizkion Arkaitzi: Gorka Merchánen La casa de mi padre eta Diego Fandosen Cosmos filmetan lan egin du. La Baldufa konpainia kataluniarraren eskutik, berriz ere antzerkira itzuli zen.
2009. urtean bere aktore formakuntza hobetu nahi zuela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka bat jaso zuen, Londoneko London International School of Performing Arts (LISPA) eskola ospetsuan bi urte egiteko. Eskolan aktorea artista ere badela aurkitzen du, kreatibitatearekin eta poesiarekin topo egiten du, eta antzezten duen bitartean gorputzaren kontzientzia hartu duela baloratzen du.
Orain Londresen bizi da. Lehen mundu gerraren inguruko antzerki obra batean lanean ari da bertan.
"Zergatik egin nahi dut lan Ainara-n ?"
"Kasualitatez ezagutu nuen Jean Darrigol-en Ainara filmaren proiektua. Jean-ek Le Voleur de diagonale - Zeihar lapurra bere lehendabiziko laburmetraia erakutsi zidan, eta hura ikustean, naturarekin lotura handia duen zine poetiko, ausart eta liluragarri baten sentsazio zoragarri batekin gelditu nintzen. Zuzendariaren potentziala ikusita, berarekin Ainara filmean lanean aritzeko erabakia hartu nuen. Biarritzeko aireportuan ezagutu nituen aurrez aurre Jean Darrigol eta Jérôme Humbert, eta kimika ona sortu zen. Espero dut proiektuak aurrera egingo duela eta bere lehen laburmetraia bezain zoragarria den lana sortu ahal izango dugula."